KONFIDANTZAREN PEDAGOGIA
Gaur egungo haur eskoletan pedagogia eta metodologia desberdin ugari aplikatzen dira. Aretxabaletako Arizmendi ikastolan, esaterako, Konfiantzaren Pedagogia izeneko hezkuntza eredu zientifikoa erabiltzen da. Eredu honek, izenak dioen bezala, konfiantzan du oinarria. Hezkuntza prozesuaren ardatza konfiantzazko giro bat sortzea eta mantentzea da, helburu nagusi bezala haurren behar guztiei erantzutea planteatzen delarik.
Metodologia honetan haur bakoitza bere osotasunean ulertzea eta haren testuingurua arretaz behatzea ezinbestekoa da, horrela arreta pertsonalizatua bermatu eta irakasleak ikasleentzat bidelagun bihurtu daitezen. Gainera, ingurunea edo natura esploratzeko askatasunari garrantzi berezia ematen zaio. Arantxa Lejarraga haur hezkuntzako orientatzailearen hitzetan, lehen haurtzaroan (0-6 urte), garapen prozesu optimo baterako baldintza jakin batzuk betetzea ezinbestekoa da. Izan ere, haurra oso sentsiblea den etapa honetan finkatzen dira etorkizuneko garapenaren oinarriak.
Horrela, Konfiantzaren Pedagogiak haurren garapen osoa sustatzen duen hezkuntza eredua eskaintzen du, haien autonomia, konfiantza eta esplorazio gaitasuna indartuz.
Aipatu bezala, konfiantza da sistema edo, zehatzago esanda, pedagogia honen oinarri nagusia. Harremanek ere garrantzi handia dute; ez bakarrik ikasle-irakasleen arteko harremanetan, baita irakasle-gurasoen artean ere. Amaia Arrieta irakaslearen hitzetan, edozein harremanetan konfiantza da funtsezko oinarria, harremanen enborra.
Guraso-irakasleen arteko harremanei dagokienez, irakasleek gurasoei lasaitasuna transmititzea funtsezkoa da, bien arteko komunikazioa indartuz. Gurasoek euren seme-alabak ikastolan utzi ahal izateko, irakasleengan konfiantza izatea ezinbestekoa da. Horretarako, harreman sendo eta konfiantzazkoa eraikitzea beharrezkoa da.
Bestalde, gaur egungo egoeran, familia askok laguntza behar izaten dute, lanarekin edo bestelako ardurak direla eta. Ikastolak egoera horiek ulertzen ditu eta hainbat laguntza eskaintzen ditu, hala nola guraso eskola antolatuz, familiei behar duten sostengua emateko.
Haur bakoitzaren testuinguruari arreta berezia eskaintzen zaio. Honek barne hartzen ditu, besteak beste, familiaren egoera, amaren haurdunaldia, erditzea, haurraren ohiturak, garapena eta haurraren harremana gurasoekin. Aldagai horiek guztiak arretaz behatuta, errazagoa da haur bakoitzaren beharrei modu egokian erantzutea, eta horrek gurasoei segurtasuna eta lasaitasuna transmititzen laguntzen du.
Horretarako, gurasoek gelako dinamiketan parte hartuko dute. Horrek ez du soilik haurrei segurtasun, lasaitasun, konfiantza eta babes giroa eskaintzea ahalbidetzen, baita gurasoek ere sentimendu horiek izatea sustatzen du. Gainera, haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen da, eta irakasleak haurraren beharretara moldatzen dira, ez alderantziz.
Haurren ongizatea eta garapen osasuntsua beti izango dira lehentasun nagusia. Horren harira, atxikimenduari ere garrantzi handia ematen zaio. Haur bakoitzaren atxikimendu ereduak desberdinak izan daitezkeenez, hori ulertzea, errespetatzea eta ikastolak horri aurre egiteko prest egotea ezinbestekoa da.
Ikastolaren arkitekturak ere garrantzi handia du. Espazio zabalak izatea funtsezkoa da, eta espazio horiek testuinguru edo txoko desberdinetan banatuta egotea gomendagarria. Horren helburua haur guztien interesak eta beharrak asetzea eta haurren esplorazio sena sustatzea da. Espazioak ez du mugarik ezarriko; haurrak berak erabakiko du uneoro zein txokotan egon edo zer egin nahi duen, askatasun osoz.
Espazio hori erabiliz, hezitzaileek egoera desberdinak sortuko dituzte haurrentzat. Egoera horiek haien gaitasunen arabera gainditzeko modukoak izan behar dira, autoestimua indartzeko. Oso garrantzitsua da barne-konfiantza eta autoestimua txikitatik lantzea, motibazioa pizteko eta erronkei aurre egiteko prestutasuna garatzeko.
Haur batek aurrean duen erronka gainditzen duenean, motibazioa handitzen da, eta horrek hurrengo erronkei ekiteko indarra ematen dio. Aldiz, erronkak gainditzea lortzen ez badu, frustrazioa eta bestelako emozio negatiboak senti ditzake, eta horrek eragin zuzena izan dezake bere buruarekiko konfiantzan, bizitza osoan zehar iraun dezakeen moduan.
Espazioan, hezitzaileak behatzaile eta, beharrezkoa denean, gidari rolak hartuko ditu. Uneoro haurrei begira egongo da, txoko bakoitzean nola moldatzen diren aztertuz, haien aurrerapenak eta garapen posibleak identifikatuz. Halaber, garapenean arazo edo oztoporen bat antzemanez gero, irakasleak hori detektatu eta konponbide egoki bat bilatzeko aukera izango du. Gainera, haurren interesak eta beharrak ulertzea eta, beharrezkoa bada, espazioan aldaketak egitea ere bere lana izango da. Azken helburua beti haur bakoitzaren garapen osasuntsua bermatzea izango da.
Horretarako, ezinbestekoa da hezitzaileak behaketan trebatzea. Rafael Cristóbal-en arabera, horretarako tresna espezifiko batzuk sortu dira, irakasleek behaketa modu sistematikoan egin dezaten eta haurren aurrerapenak modu egituratuan erregistratu ditzaten. Ondoren, datu horiek tratamendu-sistema batean sartzen dira, irakasleen esku-hartzeek haurren garapenean dituzten eraginak eta ondorioak aztertzeko aukera izateko.
Amaitzeko, orain arte barruko espazioei buruz hitz egin badut ere, orain kanpoko inguruneak eta naturak duen garrantzia azpimarratu nahi dut. Barruko espazioen zaintza ezinbestekoa den bezala, klasetik kanpo dauden baliabideak aprobetxatzea ere funtsezkoa da. Naturako elementuekin haurrek askatasuna dute esplorazioaren bidez ikasteko eta garapen pertsonalean aurrera egiteko. Horregatik, horrelako elementuei garrantzia ematea oso baliagarria da.
Kanpoko elementu ugari ezin ditugu espazio itxi batean aurkitu, eta horrek aberasgarri egiten du haur-natura harremana sustatzea. Kalera irtetea eta kanpoko ingurunean bestelako jarduerak burutzea aukera paregabea da haurrentzat, eta horrek beren garapenari eta ikaskuntza prozesuari ekarpen aberatsa egiten dio.
BIBLIOGRAFIA:
Arizmendi Ikastola (2022). KONFIANTZAREN PEDAGOGIA. https://www.youtube.com/watch?v=IvIPk7aFhkk
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina